XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ea gaurkoa azkena dugun.

Ohiko haitz puntan bateltxoa lotu eta ba datoz, elkarri bi eskuez heldurik.

Aupa! Atzo eta herenegun baino presatsuago datozela dirudi, berehalaxe eseri baitira.

Gaurko laguna berria duela ematen du eta horrexegatik izango da.

Eserita ere denbora gutxi.

Biak etzan dira.

Mutilak! Hauek zekartek gogoa!

Deskuidatzen bahaiz, ezertan hasi aurretik joanak dituk.

Ba noa.

Hainbeste aldiz jetxi-igon naizen haitzetatik eta neuk bakarrik dakidan zirritu horretatik, zazpi metroren barruan nago eta hortik hiru jauzitan gainean naukate.

Aupa, hi! Itxasoak darabilen orroe etengabez, kantatzen banindoa ere apenas entzungo luketen.

Ikusi? Ikusita ere nola sinestu behar diate, ba, hemen Jainkoaz besterik izan litekeenik?

Hondartzara jauzi egiteko nago.

Zazpi metro? Ez nauk neurtzen hasiko.

Lau jauzitan han naiz.

Agur minbizia! Aupa! Bat, bi, hiru, lau! Eeeeeup!

Emakumeak garrasi izugarria bota du.

- Eup! - hots egin diet berriro ere goitik behera, behetik gora nola ikusten nauten iruditzen saiatuz.

Josita daude, ez elkarri, lurrari baizik, eta ez niregatik, ia bertikalki apuntatzen dien armarengatik baizik.

Hemengo garrasiak apenas gainditzen duen itxas orroerik, emakumea.

- Nola heldu haiz horra?- galdetzen du Arrainjaunak.

- Zer axola du horrek, hemen bainago?

Isilik eta geldi daude.

Ez da harritzekoa Arrainjaunak honelakorik ezin sinestea.

Emakumeari ez diot gehiegi begiratzen, baina ez da nolanahikoa.

Honen pentsakizun bakarra ba dakit zein den, bera nola libratuko den.

Eupada batek mundua buka eraz dezakeela ikustea itzela da.